2010/05/31

Presentan XXI. mendeko salmoak de José Serna

Aspaldiko liburua dugu berau. Gaztelaniaz argitalpen bi izan dituena sikeran. 150 salmo berri José Sernak onduak. Asko eta asko Goitibera aldizkarian agertu zirelakoan nago. Gero zuzendu, arteztu, txukundu eta liburu moduan eskaini ziren. Gaur egun euskaraz ditugu gure esku argitalpen apain batean.
Salmoak otoitz bezala erabili dituen askok izan du tentaldia salmo berriak sortzeko. Tentaldi bedeinkatua. Poesiarik gabeko bizia ez dagoenez, otoitz gabeko federik ere ez dago. Eta Jainkoaren Espirituaren deiari erantzunez, altzoan jaso eta bihotzeko oihartzuna zabaldu gura izan dute, mendeetan zehar, hainbat fededunek.

Casaldaligaren Salmos de hoy, adibidez, edota Ernesto Cardenalen Salmos para este mundo. Gaztelaniazko batzuk aipatzearren.
Euskaraz ere ugari dira salmoak gure hizkuntzan eman dituztenak (Iratzeder, Apaolaza, Akesolo…) baita ere salmo berriak eskaini dizkigutenak. Hortxe ditugu Patxi Ezkiagaren Zaurien Salmoak, ildo horretan kokatu ditzakegu JoxAnton Artzeren azken aldiko poema fededun asko. Zelan ahaztu Gandiagaren Artasoko Salmoak edota Joan Mari Lekuonaren hainbat bertso salmo, gaur egun ere, hainbat elizkizunetan, gure fede bizikizuna adierazi eta aberasteko erabiltzen direnak.
Tradizio honi jarraituz, erdibidean ditugu José Sernak ondu eta eskaini dizkigunak. Y. Congarrek dio salmoak ez direla inoiz zaharkitzen, giza esperientzia osoa biltzen dutelako. Horixe esan gura digu idazleak bere aiene, oihu, garrasi, laudorio eta bihotz taupada hauen bitartez.

XXI. mendekoak. Ez da ausardia txikia, lehen edizioak, gaztelaniakoak urte mordoa dituela kontuan hartzen badugu. Ausardiaz aparte jatortasun gurari baten aitortza du esaldi horrek. Gaurko Euskal Herriari, gaurko egoerari zintzo eta leial jokatu nahi izatea. Iturri zaharrak ur berria ematen duela esan zigun Artzek. Ur bizia dela eta bizizalea dela esan zigun Joan Ebanjelistak. Sinismena ondo sustraiturik bada, beharrezko ditu hiru erro: otoitza, elkartea eta pobreak. Hiru sustraioi zintzo izaten ahalegindu da egilea, gaurko pobreak ezkutatu gabe, espiritualidade kafeinagabe batean eskaintzan ari zaigunaren aurka.
Hortik, lur horretatik sortu da enborra, Jainkoaren enborra. Alde batetik begiratuta Jainkoa maitasuna da irakurriko dugu (1 Jn 4,8). Gure mundutxotik atera, eta buelta bat eman eta handik begiratzen badugu, enbor berak, beste izen bat dauka: Jainkoa justizia da (1 Jn 2,29). Behar bada, lehen munduko Elizatik begira maitasunaren aldea ikusten dugu gehien bat. Hirugarren mundutik begiratuta, justiziaren manda, izena erakusten digute gure senide kristauak. Horren lekuko dira liburu honetako salmoak.
Arbola horretan gorantz bagoaz, adarrak ikusiko ditugu: bakea, alaitasuna, hitza, Jaunaren Hitza eta pobrearen aienea, eta gorespena, kanta, laudorioa. Horren fruitu dirateke salmook eta beste ekintza on asko. Justiziaren alde baina Jainkoa gorestea ahaztu gabe.
Eta salmook, beste batzuen moduan, euren kolorea eta usaina eta bizigarria eman ondoren erori eta lurra joko dute. Eta lurraren ongarri izango dira. Beste senide batzuen fedeak sustrai berrietan hartu dezan arnasa eta bizia: otoitza, elkartea, pobreak…
Salmoak kantatzeko badira, nekez kanta hauek. Salmoak otoitz egiteko badira, bete betean lortu du bere helburua idazleak. Bakarka zein taldeka otoitz egiteko aproposak, oso aproposak deritzagu.
Sarean ez egotea pena bat da, osorik ez bada ere, aukera bat, guztion esku ezartzea gauza ederra litzateke. Euskaraz material gutxi dago eta zabalkundea ez da erreza.
Euskarazko liburuak produkzio eta kontsumo parametroetan jarri direla, tarte eskasa dute holako produktuak irabazteko aukera gutxi ematen dutelako. Euskaraz bizi eta otoitz egin nahi duenak, ostera, beharrezko ditu, eskertuko ditu.

No hay comentarios: